Hasiera batean irakasleak kartografiaren proiektu hau gainetik azaldu zuenean ez nuen ezertxo ere ulertu, ez nekien nondik hasi, zer motatako ebidentziei egiten zien erreferentzia, nire ikasketa prozesua nola irudikatu … erabat galduta nengoen. Baina berehala irakasleak sarreratxo edo pixka bat gaiari heltzeko hainbat galdera proposatu zizkigun. Oso lagungarriak izan ziren lanaren eta lortu nahi ziren helburuen nondik norakoak ulertzeko. Honekin batera zenbait adibide ere erakutsi zizkigun.
Hau egin ondoren, nire ikaskuntza prozesua non eta noiz eman zen pentsatzeari ekin nion. Ez zen lan erraza izan, hain barneratuak ditugun jakintza, ezagutza … momentu jakin batean kontzienteki egiten ditugun arren gero inkontzienteki ateratzen zaizkigu. Esaterako irakurtzea: lehen hezkuntzan geundela irakasleak sarritan esaten zigun “ gaur irakurketa landuko dugu” eta une horretan bazenekien irakurtzen ikasten ari zinela … baina pixkanaka pixkanaka gaitasun hori lortzen ari zaren heinean barneratu egiten dugu eta gero ikaskuntza hori nola eta noiz eman zen jakiteko, prozesua atzerantz pentsatzeak baditu bere konplikazioak. Bestetik esaterako nire kasuan dantzak uste baino gauza gehiago erakutsi dizkit. Hasiera batean galdera hau eginda ( dantza taldean zer ikasi dudan) dantza egiten esango nuen. Baina gehiago sakonduz gero, honetaz hausnartzeko une bat hartuz gero lagun talde bat sortu dudala esan dezaket, hauengandik enpatia, laguntasuna, elkarlana … ikasi ditut era guztiz inkontziente batean, hainbat urte talde berean igarotzearen ondorio izan baitira.
Baina azkeneak ebidentzia batzuk lortu eta guztiak argazki bidez irudikatu ditut, azken finean modu erosoena zelako. Ikerketa lan honetan ondorio garbi bat atera dut, eta gainerako kideekin hitz egin ostean beraiek ere iritzi bera partekatzen dute: ikasi dugun asko esperientzia bidez ikasi dugu eta uste baino gauza gehiago eskola eta ohiko ikas eremuetatik at ikasi ditugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario